XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Udaberria ikasketa eta irakurketara emana izan zen eta, batez ere, gainetik izanda ere, klaseei, azalpenei eta zain genuen informazioaren edukinei eskainia.

Jurgi gehientsuenetan bakarrik satzen zen diska eta plaken gelan eta gero bere aurkikuntzen berri ematen zigun.

Gainerakook, mahukak josita geneuzkan eta uko egin genion ordutegiz kanpo inon sartzeari.

Manuelek ni geografia, klima eta paisaietara zaletzea lortu zuen eta ordu asko ematen genituen mapen gainean, ikastetxea munduko zein tokitan zegoen zehaztu nahian, haranen bestaldean mundua nolakoa zen imajinatu nahian, eta historiak aipatzen zituen hiriak bilatzen genituen, Atenas, Erroma, Persepolis edo New York.

Oso aspaldi desagertu zelako, Babiloniak ez zuen jada tokirik mapetan eta bagenekien Ponpeia hondakinetan zegoela.

Ostera, New York edo Shangai maparik berrienetan agertzen ziren eta oraindik bazirela pentsatzen genuen.

Hala ere inoiz ez ziguten esan ikastetxea non kokatzen zen eta Manuelek hura Europan zegoela nabarmentzen zuen.

Zehaztasun handiagoz, Mediterranioaren eragina zuen mendikate bateko tokiren batean.

Ileapaindegia igerilekuko aldagelengatik ordezkatu genuen, eta han, zurezko eserlekuetan jarririk, Jurgik bere deskubrimenduen berri ematen zigun, eta ia beti ekartzen zuen aurkikuntza berriren bat edo beste.

Ikastetxeko bizitza hark oraindik lau urtez jarraituko zuela esan zigun, eta lau urte haietan zenbait gauza argituko zizkigutela, inguratzen gintuen munduari oso esanahi desberdina emango ziotenak.

Jurgi arreta handiz mintzatzen zen; patxadaz egiten zuen aurrera, ondorio azkarregietara irristatu gabe.

Orain zaila egiten zait gure ikasle bizitza ulertzera eraman gintuen bidea oroitzea, izan ere aurkikuntzak bata bestearen ondotik bait zetozen, eta Jurgik zuhurtasunez jokatu arren (...)